NAIZEN HITZALDIA
Apirilak 14ean, ostiralean, Naizen erakundearen hitzaldia izan genuen
magisteritza eraikineko areto nagusian. Hitzaldia transexualitatearen inguruan
izan zen.
Transexualitatearen inguruan interes asko dugula esan beharra dugu. Izan
ere, orain dela urte batzuk arte ia ez zegoen gaiaren inguruko informaziorik,
eta askok transexualitatea eta trabestismoa berdin bezala ulertzen zuten.
Horrez gain, gizartean eta komunikabideetan batez ere, ez zen
transexualitatearen inguruan hitz egiten ezta transexualik ikusten telebista
edo aldizkarietan, are gutxiago gaiaz hitz egiten. Eskoletan ere ez ziren LGTBI
kolektiboaren inguruko hitzaldiak ematen. Horrek ezjakintasun handia sortu du
gizartean, zorionez, asken urteotan ikusgarritasun asko bereganatu du
kolektiboak.
Hitzaldiari dagokionez, aretora sartzen ginen bitartean, hizlariek musika
eta bideoak jarri zituzten, ondoren, Aingeru Mayor Naizen erakundearen historia
eta garapenaren inguruan hitz egiten hasi zen, izan ere, gaur egun “naizen”
dena, lehen Crysalis zen, eta bera, Crysalis Euskadiren sortzaileetako bat izan
zen. Aingeruk, hasieran, transexualitatea zer den azaldu zigun modu
orokor batean eta transexual eta transexual ez ziren haur batzuen inguruan hitz
egin zigun, Gadiel izeneko mutilarenak bereziki harritu gintuen, izan ere, ez
dira batere ohikoak gona eta soinekoz janzten diren mutilak.
Gero, bere alabaren inguruan kontatu zigun, aita baten ikuspuntutik seme
edo bere kasuan alaba transexuala izateak suposatzen dituen kezkak, beldurrak,
etab. Alaba transexuala zela jakin aurretik gertatutako zenbait anekdota
kontatu zizkigun, eta egia esan, harrigarriak iruditu zitzaizkigun bere
alaba “maskulinoago” bihurtzeko ematen zizkioten aholkuak, batez ere, bere
alabak argi eta garbi espresatzen zuenean bera neska zela eta berak esan
bezala, bera ez zela “guapoa”, “guapa” baizik. Aingeruk esandakotik arreta
deitu zigun beste gauza bat, egin beharreko burokrazia guztia eta mediku eta
gobernuaren aldetik jarri ditzaketen trabak, esate baterako, zazpi urteak bete
arte transexualitatea ezin dela “diagnostikatu”.
Segidan, Luar izeneko mutil batek, bere bizitzan zehar bizi izan duena
azaldu zigun pertsona transexual bezala. Berak, txikitatik bere buruarekin nola
sentitu zen kontatu zigun eta bere haurtzaro eta nerabezaroko argazkiak
erakutsi zizkigun fisikoki nola aldatu den ikusi ahal izateko.
Luarrek ere transexual bezala “diagnostikatzeko” pasa behar izan zituen
faseak eta prozesuak azaldu zizkigun eta ikaragarria iruditu zitzaigun.
Transexualitatea nahaste bat izango balitz bezala hartzea eta psikiatra baten
diagnosia behar izatea bidegabekoa da, gainera, berak esan bezala, izena
aldatzeko, zure gertukoek bost urtez egon behar dira izen berria erabiltzen
zutaz edo zurekin hitz egiteko garaian eta are okerrago, NANeko generoa
aldatzeko, bi urtez egon beharko litzateke pertsona bat hormonak jasotzen.
Horrez gain, esan beharra daukagu, hormonak hartzen dituztenak asko direla
baina azkenean, operatzen direnak, askoz gutxiago.
Horrez gain, bere amari bera mutila zela esatean karta bat idatzi ziola
kontatu zigun eta amak nola erreakzionatu zuen ere esan zigun. Hitzaldiaren
zati hau oso gertukoa iruditu zitzaigun izan ere, gauza oso pertsonalak dira.
Hitzaldiarekin amaitzeko, Luarrek bere ahotsaren eboluzioa erakusten zuen
bideoa jarri zigun eta gauza oso polit bat iruditu zitzaigun bere argazki eta
bideoak hain modu naturalean erakutsi izana, izan ere, pertsona transexual
askok, aldaketa edo aldaketaren aurretiko argazki eta bideoak beste pertsonei
erakustea oso zaila egiten zaie. Horrekin batera, Luarrek, aldaketa aurretik
zen pertsonari agur moduan idatzitako karta irakurri zigun era gauza oso
pribatu, pertsonal eta polita dela uste dugu.
Azkenik, eskerrak eman nahi diegu Luar eta Aingeruri beren esperientzia eta
bizitakoa modu hain naturalean kontatzeagatik.
Comentarios
Publicar un comentario