ANIZTASUNA: HAUSNARKETA OROKORRA
Blog honi amaiera emateko, lauhileko osoan
zehar landu dugun gaiari buruz hausnarketa txiki bat egingo dut jarraian.
Hitzaldi desberdinen eta lanketa anitzen
ostean, hasieran nuen aniztasunari buruzko kontzeptua zenbait aspektutan aldatu
zait. Klaseak hasi eta aniztasunari buruzko definizioa galdetzerakoan, ez
neukan oso argi zein zer haren definizio zehatza eta ez nintzen kontziente
zenbat gai ukitu eta batzen dituen bere baitan.
Esan bezala, izan ditugun hitzaldi guztiak
baliagarriak izan dira, batzuk gehiago eta besteak gutxiago, gai honi buruz
hausnarketa egiteko eta gure ikuspuntua zalantzan jartzeko.
Hasteko, lehenengo tailerra Tabakalerako
bisita izan zen. Bertan, bi erakusketa desberdin ikusi genituen eta horretaz
gain, ariketa pare bat egin genituen taldean. Haietako bat, arrotza
sentiarazten gintuen egoera bat idaztea zen, eta horri esker konturatu nintzen,
guk pentsa baina desberdinagoak garela, eta aldiz, askotan “arrotzak” momentu
berdinetan sentitzen garela. Horretaz gain, Tabakalerara egindako bisitan
gehien gustatu zitzaidan erakusketa L’Intrus
izeneko erakusketa izan zen. Bertako artelanak oso hunkigarriak eta
esanguratsuak iruditu zitzaizkidan, eta aniztasunaren aurpegi desberdinak ikusi
izan ahal genituen.
Hurrengo tailerrak, UNRWA elkarteak eskaini zituen eta bi egunetan egin genituen,
lehenengo egunean saio teorikoak eta bigarrenean jardunaldi praktikoak. Saio
teorikoetan, bakoitzak bere lanari buruzko informazioa eta haien eginbeharrak
azaldu zituzten, nola lan egiten duten eta haien helburuak zeintzuk diren
kontatuz. Saio praktikoetan berriz, pertsona bakoitzak tailer desberdin batera
joateko aukera izan zuen, eta nire kasuan, tailerra asko gustatzeaz gain, hausnarketa
pertsonalerako oso erabilgarria izan zen. Tailerra egoki aukeratu nuela uste
dut, izan ere, izugarri gustatu zitzaidan eta oso hunkigarria iruditu zitzaidan
antzerkiaren tailerra. Honi esker, Palestinako egoerari salaketa egitea eta
zein gogorra den konturatzea lortu genuela uste dut, bertan bizi diren pertsonen
bizitzak eta gureak zein desberdinak diren konturatuz. Horretaz gain, artea,
kasu honetan antzerkia, komikia edo ipuina haurrekin aniztasuna lantzeko
momentuan tresna paregabea izan daitezkeela konturatu ginen.
Calcuta
Ondoan-eko hitzaldia izan zen hurrengoa. Bertan,
hasteko, gure artean dauden desberdintasun guztietaz jabetzeko ariketa bat egin
genuen. Saio honetan, estereotipo, pentsaera eta desberdintzen gaituzten
faktore askotaz hitz egin genuen, gizarteak guregan inposatu nahi duen “eredu
ideal” horretaz hausnartuz. Aniztasunari buruzko zenbait kasu ere kontatu eta
haiei buruz elkarrekin hausnartu genuen. Nire kasuan, generoari buruz aritu
ginen, eta gizarteak guregan izan duen eraginaz konturatu ostean, gure artean
honi aurre egiteko zer egin behar dugun hausnartu genuen. Ondorio bezala esan
dezaket, gure gainean pisu moduan ditugun estereotipo guzti horiekin apurtzeko
lana egin behar dugula bakoitzak.
Ondoren,
Pausoka elkarteko hitzaldi bat jaso
genuen. Elkarte hau, behar bereziak dituzten gurasoek osatzen dute, haur hauen
beharrak asetzeko eta haien ongizatea bermatzen saiatzeko. Elkartetik Maiteder
etorri zen, haren semearen istorioa kontatzeko eta eskolaratzeko orduan
izandako arazoak azaltzeko. Hitzaldi honen bidez, konturatu naiz aniztasunaren
aurreko irakaslearen jarrerak nolako eragina izan dezakeen eta jarrera horrek
haurrarengan izan ditzakeen ondoriei buruz hausnartzera lagundu digu. Honi
esker, haur guztien eskubideak askotan errespetatu ea bermatzen ez direla ikusi
ahal izan dugu. Eskolan inklusioa sustatzearen garrantziaz konturatu nintzen
eta aniztasuna onartu eta errespetatu egin behar dugula denon artean,
aniztasuna oztopo beharrean, aberastasun bezala onartuz.
Jarraian, apirilean, unibertsitateko
liburutegira joan ginen erakusketa bat ikustera: Gogora, memoria plaza. Bertan, pare bat bideo ikusi genituen
hasieran, terrorismo mota ezberdinak hurbiletik jasandako pertsonak agertzen
ziren haien bizipenak kontatuz. Erakusketa benetan hunkigarria eta
interesgarria iruditu zitzaidan, askotan ez baitugu terrorismoari eta biolentziari
buruz behar den bezala hausnartzen, mendeku sentimendua eta honek eragindako
mina nola kontrolatu ez jakinez.
HItzaldiekin amaitzeko, Naizen elkartearen eskutik transexualitateari buruzko hitzaldi bat jaso
genuen. Bertan, bi pertsonek haien egoera azaldu eta bizipenak kontatu zituzten,
Aingeruk bere alaba transexualari buruz hitz egin zuen, eta ondoren, Luar-ek
bere bizitza pertsonala kontatu zigun. Bizipenak entzutean, argi geratu zait
irakasleok haur hauek lagundu eta onartu behar ditugula, eta gizartean oraindik
ondo ikusi gabe dagoen gai bat dela, beraz gure eskuetan dagoena egin behar
dugu hau normalizatzeko.
Aipatu nahi dut, hitzaldi gehienak oso baliagarriak
izan direla. Batzuei aniztasunarekin lotura zuzenagoa aurkitu diet, beste
batzuk erabilgarriakoak iruditu zaizkit... Egia esan, asko eskertzen da
jardunaldi hauetan aktiboki partehartzeko aukera izatea, bestela deskonektatzeko
arriskua dago eta.
Lau hileko osoan zehar izan ditugun hitzaldi
guztiei esker eta landutako guztiaz hausnartu ondoren, argi geratu zait eskolan
inklusioari eta aniztasunari eman behar diogun garrantzia izugarria dela. Denok
gara desberdinak, gauza batengatik edo bestearengatik, eta hori gure bizitzan
arazo bat bezala ikusi beharrean, aberastasun bezala onartu behar dugu. Ez gara
hobeagoak edo okerragoak, anitzak baizik. Beraz, gure gizartea anitza dela
esateak, harro sentiarazi behar gaitu, pentsatzen dugun baino aberatsagoak
baikara.
Comentarios
Publicar un comentario